2018(e)ko mar. 19(a)

Aiako garbigunera irteera

Garbiguneak leku berezi batzuk dira Urola-Kosta Udal-Elkarteak sortu dituenak jendeak erabiltzen ez dituen gauzak bertan uzteko. Gure eskualdean 3 daude: hemengoa, Zarauzkoa eta Zumaiakoa, eta hirurak erabil ditzakete Kostako biztanleek.

Aiako garbigunea 2010eko ekainean zabaldu zuen Udal-Elkartak inguruko herritarrek eta enpresa txikiek erabiltzeko. Bertako edukiontzietara etxeko tresna elektrikoak, altzari zaharrak, arropa, oinetakoak, pinturak, lanparak, obretako eskonbroa... bota daiteke, ia denetik, zabor organikoa izan ezik.

Garbiguneek ordutegi hau daukate: goizez 8:00tatik 13:30tara eta arratsaldez 16:30tatik 18:30tara. Larunbatean ere irekitzen dute, baina 10:00tatik 12:00tara.

Funtzionamenduari dagokionez, prozedura erraza da: utzi behar diren gaiak posible den neurrian sailkatuta eraman behar dira; halere, ez baldin badakigu, beraiek laguntzen dute botatzekoa antolatzen. Bota beharrekoa asko bada, pisatu egiten da eta, nork ekarri duen eta zer ekarri duen ere apuntatzen da, dena kontrolatu egiten delako. Muga ere badago: erabiltzaile batek ezin du aste batean 750 kg baino material gehiago eraman. Zerbitzua doakoa da.

Garbigunean ez dira materialak berziklatzen, sailkatu eta bildu egiten dira birziklatzera dedikatzen diren enpresetara eramateko.

Zerbitzu honek erantzun ona izan du enpresa eta herritarren partetik, izan ere irekita daramatzan 8 urte hauetan nabarmen gora egin baitu ematen zaion erabilera kopurua. Gaur egun enpresek herritarrek baino gehiago erabiltzen dute garbigunea. Gorakada honetan zerikusi izango du bere kokapenak, toki egokian jarri zutelako: bi herrien arteko mugan eta, gainera, bertara iristea erraza den industriagune batean.

Zarauzko garbigunea, hiruretatik zaharrena, txiki gelditu den bakarra da. Aiakoak terreno eta instalazio egokiak ditu eta epe motzean ez dira aldaketarik aurreikusten.

Gure herriko garbigunean hasieratik Kepak eta Mitxelek egiten dute lan txandaka. Lan honek arriskua badu bertako langileentzat, eta istripu pare bat ere izan dute denbora honetan. Hau ez da harritzekoa askotan material astunak eta arriskutsu diren gaiak manipulatzea eta garraitzea tokatzen zaielako.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina