2017(e)ko api. 4(a)

Korrika Txikia

Gaur arratsaldean, bazkaldu eta gero, petoa jantzi eta Etxetxora joan gara “korrika txikia” egin behar genuelako. Etxetxon beroketak egin ditugu 5. eta 6. mailakoak etorri bitartean.

Zaharrenak gure parera iritsi direnean, Naiarari eta Jokini pasa diete lekukoa guk gure tartea egiteko. Orduan korrika hasi gara beren atzetik. Horrela Sayaleroraino iritsi gara. Han 3. mailakoak zeuden gure zain.

Sayaleroko errotondari buelta eman ondoren, errepidea ezkerretara hartu, eta ehun bat metro egin ostean, ezkerretara biratu dugu Iturri kaleko aldapan sartzeko. Han, lekukoa 2. mailakoek hartu dute.

Iturri kaletik pasa ondoren, plazara iritsi gara. Lekukoa eramatea tokatzen zitzaien 1. mailakoak hantxe zeuden zain. Segidan, elizaren aurretik pasa eta beherantz egin dugu Blasenera aldera joateko. Iritsi garenean lau eta bost urtekoen txanda zen, eta hauek eraman dute lekukoa berriro plazaraino.

Plazara iritsi garenean, jende guztia bildu da bertan eta 6. mailakoek lekukoaren barruan zegoen idatzia irakurri dute. Bukatzeko, Virginiaren gelakoek musikako Leirerekin prestatuta zeukaten Korrikaren abestia jo dute, beraiek egindako danbor batzuekin.

Bukatzeko, eskolara bueltatu gara. Oso ondo pasa dugu.

2017(e)ko mar. 22(a)

"Zapatila gorridun mutila" antzezlana

Gaur eskolatik antzerki bat ikustera joan gara Donostiara.

Antzerkian aktorek aurpegia maskara batekin zeukaten tapatuta eta ez zuten hitz egiten. Protagonista ile urdineko mutil bat zen. Bi lagun zituen: mutil bat eta neska bat. Mutilak ile berdea zeukan eta neskak arrosa.

Protagonistaren ametsa zapata gorriak edukitzea zen, dantzaria izateko, eta bere aitak oparitu zizkion. Bere zapata gorriekin mundua zeharkatu zuen bere dantza erakutsiz: Paristik Tokiora, Erromatik Londresera…

Etxera itzuli zenean aita eta ama oso zaharrak zeuden eta laster aita hil egin zen. Oso triste zegoen, baina mutil lagun berri bat egin zuen, ile horia zeukana, elkar maitemindu eta biak batera bizitzera joan ziren. Eta pozik bizi izan ziren.

2017(e)ko mar. 10(a)

Ebaluazio Diagnostikoa


Gaur eskolara etorri eta gelara sartu naiz, baina konturatu naiz Ebaluazio Diagnostikoa geneukala eta oso urduri jarri naiz.

Lehenik, ordenadore txiki batzuk ikusi ditut mahaien gainean. Azterketetan guri laguntzera Gontzal etorri da. Ondoren, aurikularrak jarri eta gaztelerazko probarekin hasi gara. 45 minutu eman dizkigu bukatzeko. Nik justu-justu bukatu dut eta iruditu zait denok ez dugula bukatu osorik.

Ondoren matematikako proba zetorren. Gontzalek beste 45 minutu eman dizkigu hau ere bukatzeko. Oraingoan uste dut den-denok bukatu dugula proba. Segidan, 11:10tan errekreora irten gara eta esan digute Xabierek eta Gontzalek 11:40tan bueltatzeko gelara Txanelako proba egin behar genuelako.

Etorri garenean hasi gara inguruneko probarekin. Nik uste nuen oso zaila izango zela, baina ez da halaxe izan. Proba hau bukatu eta gero, Gontzalek galderez betetako orri batzuk eman dizkigu etxean gurasoekin betetzeko.