2016(e)ko mar. 15(a)

Astizko irteera (2016/3/10-11)

Martxoaren 10ean, LHko 1, 2 eta 3. mailak Astizko aterpetxera joan ginen bi egun pasatzera. Gurekin batera Xabier, Virginia, Rakel eta Txumai irakasleak joan ziren. Irteeraren helburua, elkarrekin etxetik kanpo lo egiteaz gain, hango parajeak eta leizea ezagutzea zen.

9:15etan gelan bildu, autobusean maletak sartu eta 9:30etan abiatu ginen euripean. Ni Xabierren ondoan, autobusaren atzealdean joan nintzen eserita.  Andoainen A-15 autobidea hartu eta handik 30 minutura, elurra ikusi genuen. Hasieran gutxi, baina aurrera egin ahala, gehiago ikusi genuen bazterretan. Lekunberri igaro ondoren, Astitzera igotzeko mendate txikian, larri ibili zen gidaria elur asko zegoelako.
Astitzera iritsi ginenean, han zeuden gure zain Aiala, Jone, Patxi eta IƱaki monitoreak. Hauek sinetsita zeuden ez ginela joango elurtearengatik, eta sorpresaz eta pozez hartu gintuzten. Autobusetik jaitsi eta arrantxua egin genuen, irakasleak maletak aterpetxera sartzen zituzten bitartean. Segidan, altxorraren jolasa egin genuen hiru monitoreekin Astitz herria ezagutzeko. Kaleetan elur asko zegoenez, botak blai-blai egin zitzaizkigun eta baita galtzerdiak eta galtzak ere. Jarduera hau bukatu genuenean, aterpetxean arropak eta oinetakoak aldatu behar izan genituen. Ondoren, alboko tabernan bazkaldu genuen. Menuan dilistak, albondigak eta postrerako banana eman ziguten.


Arratsaldean, gela banaketa egin ostean, kanporako arropa jantzi eta Mendukilloko leizera joan ginen oinez. Bide hori oso erraza zen, baina elurrarekin oinak hondoratu egiten zitzaizkigunez, zailago eta neketsuagoa izan zen. Aldapa gogorrena igo eta gero, Basajauna agertu zen guk adarra jo genuelako. Segidan, leizerantz abiatu eta hogei minutu pasa ondoren, han ginen. Amaia monitoreak hesia ireki sartu ginenean, burdinazko eskailerak eta argi batzuk bazeudela ikusi genuen. Amaiaren laguntzaz kobazuloan barrena ibili ginen kilometro erdiz. Han pasatako ordubetean, gauza asko ikusi eta ikasi genituen: estalaktitak eta estalagmitak zer diren, sagu-zaharren bizitza, gizaki prehistorikoen bizimodua... asko gustatu zitzaigun leizearen bisita.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina